XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

TXIMINO HILA

Egun batean, pasiatzen zebilela, hondartza ondoko parkeraino iritsi zen Pablo.

Parkearen bazter batean jende multzo bat ikusi zuen zerbaiti begira eta jakinminak bultzatuta harantz joan zen.

Zer arraio egiten ote du jende horrek guztiak hor? - pentsatu zuen - norbaiti galdetuko diot.

Baina ez zion inori galdetu behar izan, berehala ikusi baitzuen zer zen jende hura erakartzen zuena.

Gizon zahar bat zen, alboan tximino bat zuena.

Tximinoak salto eta dantza batzuk egiten zituen.

Pixka batean egon zen Pablo begira, baina berehala konturatu zen guztiz gauza sinple eta arruntak egiten zituela tximino hark, batere ikusgarriak ez zirenak.

Hala ere, alde egin baino lehen txanpon txiki batzuk bota zituen agureak lurrean utzitako kapelu zikinean.

Beste batzuek ere gauza bera egin zuten: pixka batean egon ondoren, bizpahiru txanpon bota eta aurrera segitu zuten.

Beste zenbaitek, berriz, ez zuten ezertxo ere bota.

Jendea sakabanatzen hasi zenean, ordea, oihu latz bat entzun zen bat-batean.

Hura entzunda, jiratu egin ziren denak zer gertatzen zen ikusteko.

Gizon zaharra zen ero moduan oihuka ari zena.

Makurtuta zegoen, negarrez.

Tximinoa, berriz, lurrean zegoen, eroria, geldi, ematen zuenez hila.

Agureak tximinoa magalean hartu eta negar batean bere kontra estutu zuen: Ai, Kati, Kati - zioen negarren artean -, zer duzu?

Ez zaitez hil, mesedez, ez nazazu utz... .

Baina alferrikakoak izan ziren haren oihu eta negar guztiak; ez zioten tximinoari bizia bueltatu.

Agurearen negarrak entzundakoan, gizon gazte batek atzera egin, poltsikotik dirua atera eta kapelura bota zuen.

Hori ikusita, Pablok ere gauza bera egin zuen.

Eta berdin beste batzuek ere.

Gizonak, ordea, ez zien kasurik egiten.

Tximinoa besoetan zeukala segitzen zuen, negarrez, inguruko ezeri jaramonik egin gabe.

Hilabete batzuk geroago berriro ikusi zuen Pablok agurea, beste auzo batean.

Orduan ere tximino bat zuen bere ikuskizunean lagun.

Guk emandako diruarekin erosiko zuen beste tximino hau, pentsatu zuen Pablok pozik, egindako mesedeaz harro.

Tximino berri honen lanak aurrekoarenak bezain arruntak eta pobreak ziren.

Ez da oso tximino ikusgarria, pentsatu zuen Pablok, baina bere lanean aurrera segitzeko modua eman genion behintzat agure gaixoari....

Aurreko txandan nahikoa eman zuenez, oraingo honetan ikuskizuna ikusi eta dirurik utzi gabe aurrera egin zuen Pablok.

Aurrera bai..., baina ez urrutira.

Ikuskizunak jarraipena izan baitzuen oraingoan ere.

Jendea sakabanatzen hasi zenean, oihu egin zuen agureak aurrekoan bezala, lurrean zegoen tximino hilagana makurtuta.

Besoetan hartu eta hizketan hasi zitzaion:

Zer duzu, Kati? Ez hil... !.

Eta aurreko txandako gazte bera irten zen jende artetik kapeluan dirua uztera, ondotik jende gehiagok segitzen ziola...

Pablok ez zuen oraingoan dirurik bota, noski.

Aurrera egin zuen poliki-poliki, bere artean barrez, gizonaren trebetasuna ikusita.